Leiho berri batean UPV/EHUren hasierako orria zabalduko da

Euskara Institutua
"Rudolf de Rijk" liburutegia

Euskara Institutuaren egoitzan dago "Rudolf de Rijk" izeneko liburutegia.  Liburutegi hori hizkuntzalari holandarrak bere etxean zituen liburuek osatzen dute eta haren alargunak oparitua da. Ondoko testuan aurkituko duzu De Rijken lanari buruzko informazioa:


 

Rudolf de Rijk, euskaldunen
Holandako adiskidea (1937-2003)

Rudolf Pieter Gerardus de Rijk hizkuntzalari ospetsua bizi zen karrikaraino ailegatuz gero, ez zen galtzerik bera bizi zen etxea aurkitzeko orduan. Newton kalea, etxe apalak, inguru hauetan ikusten ditugunak baino ttipiagoak. Karrika txiki hartako ate leiho ttall baten gibeleko aldean ikus zitekeen, pentsatzen dut orain ere ikusten ahal izanen dela, ikurrin bat kirikaka bezala jarria: iduri luke Euskal Herriko kontsula bizi dela han. Horrek ematen zizun seinale han bazela norbait Euskal Herriarekin lotura handia zuena, horrexek adierazten zizun non atzematen ahal zenuen euskaldunen Holandako adiskidea. Hura baitzen R. de Rijken etxea, eta bera baitzen, neurri batean segurik, gure kontsula.

Zoritxarrez, haren eritasunaren berri izan nuenetik, behin baino gehiagotan ireki nuen ikurrinadun ate hura. Beti galdetu izan diot nire buruari, orain dela aunitz urte etxe hartara lehenbiziko aldiz hurbildu nintzenetik, nola konponduko ote ziren biak toki hartan, Rudolf eta Virginia senar-emazteak, zahartuta edo ezinduta geldituko balira noizbait. Zeren, behin ate hura gurutzatu ondoren, buruz buru aurkitzen zenuen gauza bakarra, hantxe berean zure zain, eskailera zut bat baitzen, tente-tente, “hator hona!” erran nahiko balu bezala. 

Holandako etxeek, oro har, ba omen baitute, hala azaldu zidaten eskailera hartaz nire harridura erakutsi nuenean, holako tradizio bat, urteetan itsasoari lurra irabazi nahian ibiltzetik datorrena: tokiz aski eskas dabiltzanez, etxe txikiak egiten omen dituzte eta etxe txiki horiek are eta eskailera zut eta estuagoak behar izaten omen dituzte, isats-ontzietakoak bezalakoak. Bada, eskailera horrek baditu 16 maila lehenik, bertze 15 berehala eskalaburuaren ondoren, zangoa doi-doi jartzeko moduko hortz txiki batzuk, senar-emazteak bizi ziren tokia iritsi nahi bazenuen nahi eta nahi ez egin behar zirenak. Eskailerapean uzten zenituen bertze bi bizitoki, ez dakit nor bizi den han, eta behin gaineraino ailegatu ondoren, han hasten zen De Rijk familiaren bizitokia: solairu hura, eta bertze pare bat gehiago, beti goiti. Alta, batek pentsa dezake horrenbertze eskailera eta solairu duen eraikina jauregi baten parekoa-edo, izango dela: baina ez, etxe ttipi bat da, apartamentu koxkor bat, ez bertzerik. Eta han bizi zen euskara biziki ongi ezagutzen zuen atzerritar hizkuntzalari bat, egin lan onak betiko guganatu duena. Zoritxarrez, ez zuen aukerarik izan Rudolf de Rijkek zahartzeko, eta horregatik ez dut jakiten ahal nola biziko zen etxe hartan zahartuta eta ezinduta geldituko balitz noizbait, gogoz gelditu naiz jakiteko nola konponduko zen eskailera madarikatu haiekin. 

Amsterdamgoa zen Rudolf de Rijk, han zen sortu eta han hil. Eta han, Vermeer-en argi eztien artean, eman zituen bere urte gehienak, Estatu Batuetan hizkuntzalaritza ikasten egon zen garaia kenduta. Handik maizkara etortzen zen Euskal Herrira, denok ikusi izan dugunez.  

Zergatik etortzen zen, bada, horrenbertze? Zergatik etortzen ziren biak, Virginia eta bera, gure eskualde hauetara? 

Diote bizitza kasualitateek hornitzen dutela eta anitzetan ez dakigula zergatik gertatzen diren gauzak, elkarren artean muturka ibilitako zenbait gertaeraren halabeharreko ondorio baizik ez garela. Bada, halako zerbait gertatzen zen Rudolf de Rijk-ekin ere. Gaztetik zuen gogokoa harat-honat ibiltzea: garai hartan, orain baino errazago beharbada, bide bazterrera atera eta auto gidariren baten gupidari esker egiten ziren bidaiak, eta hori egin zuen Rudolfek halako batean, Espainiako hegoaldea ezagutu nahi zuela eta. Itzultzean Donostian baratu zen eta han ikusi omen zuen, monumentu batean, zerbait euskaraz idatzia. Berak ez zekien orduan zer hizkuntzatan zeuden letra haiek, baina bai konturatzen zen, hizkuntzetara aski zaletua zenez gero, erdara hura ez zela ez gaztelania ez frantsesa, bertze zerbait zela. Galdetu zuenean, inguruko norbaitek argitu zion erdara hura euskara zela. Eta arratsalde hartan berean liburu dendaren batean ikusi zuen Lopez de Mendizabalen liburu bat erosi eta harekin besapean itzuli zen Amsterdamera. Gero, Euskal Herriko hiri hori lehenbiziko aldiz ikusirik, Donostiara etorri zen behin eta berriz bere bizitzan zehar. Hasierako bidaia horietako batean aurkitu zuen bertze gazte bat bera bezala ari zela errepide bazterrean autoak geldiarazi nahian, eta harekin, Juan Mari Zulaikarekin alegia, urteetan luzatu den adiskidetasuna izan du. Orduko hasia zen dagoeneko arrotz egiten zitzaion hizkuntza hura berea egiten. 

Hasierako ikasketak jesuiten ikastetxe batean eginak zituen: ordutik mantendu izan du adiskidetasun handia, nahiz berak bere burua katolikotzat ez zuen hartzen, hori uste dut behintzat, apaiz jesuita batekin. Etxe hartan nengoeneko batean agurtu nuen apaiz hau. Jesuiten ikastetxean egindako hasierako ikasketa horien ondoren Amsterdamgo Unibertsitatean akitu zuen lizentzia eta hantxe burutu zituen doktorego aitzineko ikasketak ere, master baten parekoak. Nahiz guk hemen hizkuntzalari eta euskalari gisan ezagutzen dugun, ikasketa hauek guztiak matematika, astronomia eta fisikarekin lotuak ziren, baina “Doctoraalexamen” egin zuenean, hizkuntzalaritza orokorra ere ukitu zuen.  

Hango unibertsitateko ikasketa sisteman bi hautu egin behar zituen ikasle batek garai hartan (orain, Europako Batsasuna dela eta, hau guztia aldatzen ari da): zein zen, bere ikasketetan, landu nahi zuen arlo nagusia, ‘major’ deitzen zitzaiona, eta zein bigarren arloa. De Rijkek, erran dudan bezala, matematika eta fisika aukeratu zituen arlo nagusitzat, eta hizkuntzalaritza kontuak utzi zituen bigarren arloko, nahiz hauei ere lehentasuna eman nahi zien. Honek bazuen azalpen bat, aski erraz ulertzen ahal dena. De Rijk ezagutzeko aukera izan genuenok badakigu bazuela zailtasun txiki bat mintzatzeko, hitzak ez baitzitzaizkion nolanahi ateratzen ahotik, eta baimena eske bezala ibiltzen baitzitzaizkion, askatasuna bilatu nahian bezala. Horrek, nonbait, ahalke pixka bat ematen zion, eta horrexegatik ez zuen egin garai hartan bertze “major” bat frantsesean: ez zen ausartu frantses azterketa jende aurrean egiten. 

Hizkuntzalaritza gose hau urte batzuk geroago konponduko zuen, Estatu Batuetara joan zenean ikastera, Boston inguruan dagoen MIT izeneko unibertsitate famatura. Han eman zituen zenbait urte gramatika sortzailearen ikerketak egiten, Chomskyren eskutik eta gaur egun aski ezagunak diren hizkuntzalariak zituela ikaskide, indarra hartzen ari ziren garai haietan. Eta han aurkeztu zuen bere tesia, euskal erlatiboei buruzkoa, Ken Hale irakaslea zuela zuzendari, nahiz tartean egonaldi luze bat ere egin behar izan zuen Holandan, bere amaren eritasun larriak itzultzera bortxatu zuenean. Berak aurkeztu tesi hori (Studies in Basque Syntax: Relative Clauses), lan mardula da eta ez da arinkara egina: aise geroago, 1998an alegia, argitaratu baldin bazen ere, hau da euskal erlatiboei buruz egin izan den lehenbiziko lan xehea. Egia badiot, nekez aurkituko zuen R. de Rijk-ek Ken Hale baino hizkuntzalari egokiagorik tesi hura zuzentzeko: Ken Halek hainbertze hizkuntza zekizkien, eskua zuen horretarako, eta hizkuntza horien artean bereziki gustatzen zitzaizkion hiztun gutxiko hizkuntzak: “Hizkuntza bat desagertzen uztea Louvreko museoan bonba bat jartzea bezalatsukoa da”, idatzi zuen behin. Ken Hale maitagarri hura, zoritxarrez, gazte joan zitzaigun, geroago R. de Rijk bera ere joko zuen minbiziaren gaitz mota berak eramana. Heriotza honen berri Rudolfek eman zidan, orain dela urte pare bat, arratsalde apalean etxera deitu zidan egun batean: “Orain dela ordu bat hil da Ken”, jakinarazi zidan. Hunkitua zegoen. 

MIT-ko ikasketak amaitu ondoren ikastaro batzuk eman zituen zenbait tokitan, eta eskolak Chicagoko Unibertsitatean ere, 1970-71 urteetan, baina berehala itzuli zen Holandara, Amsterdamgo Unibertsitateko Psikolinguistika Laborategian kontrataturik lehenik, 1973an, eta Leidengo unibertsitatean ondoren, 1977tik aurrera, Hizkuntzalaritza Konparatuko Sailean. Han egon zen harik eta 2002an jubilatu zen arte, eta jubilatu ondoren ere, erretiratu gabe, unibertsitate horrek, Hizkuntzalaritza Sailean orain, merituzko irakasle egin zuen. 

Amsterdamgo unibertsitateak kontratatu aitzinetik bazituen hainbertze lan argitara emanak. Horien artean lehenbizikoa Egan aldizkariak atera zuen 1962an, Mari Karmen Garmendiarekin itzulitako Ana Franken egunkariaren atal bat. Hogeita bortz urte zituen orduan, eta dagoeneko buru-belarri sartua zen euskara kontuetan. Aldaketa garaian zegoen une horretan Rudolf euskalaria, ondoko urtean argitaratu baitzuen oraindik lan bat algebraren ingurukoa. Baina aski adierazgarria da, dena dela, ondoko hilabeteetan atera zituen lanak bi liburu ezagunen kritikak izatea [1]: Mitxelenaren Fonética Histórica Vasca eta E. Bach-en An Introduction to Transformational Grammar. Adierazgarria dela diot, bi liburu hauek biltzen baitituzte ezin hobeki De Rijk-en garai hartako kezkak: bazuen usaina konturatzeko, kanpotik begiraturik ere, Mitxelenaren lana dela euskararen ikerketen inguruan gertatu den mugarri garrantzizkoenetako bat. Halaxe aitortzen du berak ere liburuaren kritika egitean. Eta kezka hau, euskal hizkuntza filologo baten ikuspuntutik aztertzea erran nahi dut, beti izango zuen bidelagun, hil arte. Bigarren liburuak ongi biltzen du hizkuntzalaritza teorikoaren ikuspuntutik zuen kezka, apalduxeago gelditu zitzaiona ondoko urteetan.  

Urte haietakoak dira euskal sintaxi eta fonologiari buruzko lan aipagarri batzuk: “Is Basque an SOV language?”; “Vowel Interaction in Biscayan Basque”; “Relative Clauses in Basque: a Guided Tour”; bere tesia, hainbertze urtetan argitaragabea izan zena eta “Partitive Assignment in Basque”, bakar batzuk bakarrik ekartzeagatik gogora. Hor ageri dira, bere estilo argi eta xehean, euskal sintaxiaren gunea ukitzen dituzten zenbait gai: euskal sintagmen hurrenkera perpausean; erlatiboak; partitiboak estaltzen dituen egiturak, eta abar. Horrekin batera,  itxuraz hain desberdinak ematen duten hitzen gibelean dauden oinarrizko arau fonologikoen zehaztapena ere egiten du. Hasieratik ikusten da hizkuntzalaritza gaiak lantzeko zuen modu eta estiloa: datu zehatzak biltzen ditu; euskal literatura ezagutzen du, badaki zertaz ari den, eta arrazoibideak ongi argumentatuak ematen ditu, hizkuntzalaritzaren teoria beti gogoan, esan behar dena zehatz-mehatz adieraziz eta isildu behar dena bazterrean utziz. Azterketak egiteko dohain berezia zuen. Holakoa zen De Rijk, atzerritar euskalaririk handiena. Eta uste dut hau ere erran behar den, bai baitut halako inpresioa gaur egiten diren zenbait lanetan bertze bide batzuetatik abiatu dela jendea, eta batzuetan datuen artean zoraturik gelditzen garela, nahas-mahasean erdi galduak. Ez gara gai izaten datu horien gibelean beti egoten den sistemaren aurkitzeko. Txarrena da maiz ez garela saiatzen ere.

Urte horietako batean, 1972an, eman zuen lehenbiziko aldiz udako ikastaro bat Renon, eta ondoko urteetan ere eman zituen bertze batzuk. Han ezagutu zuen Virginia eta elkarrekin hasi ziren harremanetan. Halako batean, Virginia Amsterdamera hilabete bat pasatzera etorri, eta Ameriketara itzultzeko orduan aireportuan hegazkina huts egin zuen. Bertze bi hilabete gehiago eman zituen Amsterdamen, eta ezkontzaren kontua ez zuen garbi ikusi harik eta Rudolfek galdera zuzena egin zion arte: “Ez naiz ni aski zuretzat?” 1979an ezkondu ziren. 

Halakoxea baitzen Rudolf De Rijk: apala, apalik bazen norbait, gizon umila. Esku zabalik hartzen zuen jendea bere etxean. Beti izango zuen gela bat hara hurbildu nahi zuenarentzat: gazta aterako zion, ardoarekin, eta euskal musika jarri entzuteko. Eta halako batean esaten bazenuen, deskuidoz-edo, halako postrea gustatzen zitzaizula, Amsterdamen ematen zuten lekurik hoberenera eramanen zintuen, horretarako hiru edo lau autobus hartu behar baziren ere, ez berak ez andreak baitzuten autorik gidatzen. Berehala hasten ziren galderak, hori bai: “Eta hau nola esaten duzue Baztanen?” “Eta beste forma hau erabiltzen du ez dakit nork halako orrialdean, eta niri arraro samarra egiten zait. Baduzu zuk honen berri?” Hola konturatzen zinen hemengoak eta hangoak ezagutzen zituela, oraingo idazleak eta lehenagokoak (batez ere lehenagokoak) eta arras eroso sentitzen zela zubererazko nahiz bizkaierazko adibideen artean. Galderek segituko zuten Amsterdamen geunden bitartean, eta gero, etxera itzuli ondoan ere, ia-ia astero jotzen zuen telefonoak, larunbat goizetan gehienetan, dilindan gelditzen zitzaizkion galderen erantzuna behar baitzuen. Badakit gauza bera egiten zuela Euskal Herriko bertze lagun zenbaitekin ere. 

Langilea, hitz gutxikoa, euskal gaietan jakintsua. Hola hil arte. Eta hil arte ere ez zuen ongi konprenitu zergatik genuen euskaldunok halako interes berezia berak egiten zuen lanean, ez zitzaion buruan sartzen zergatik izan zitekeen hori. 

1979ko egun euritsu batean ezagutu nuen Donostian. Han ikusi nuen lehenbiziko aldiz, Deustuko Unibertsitateak han duen campusean antolatua zuen hitzaldi sail batean: euskal hizkuntzalaritzaren eta literaturaren bide berriak aztertu nahi ziren orduan. Ez dut egundaino atzenduko hitzaldi hark nigan izan zuen eragina. Ez ginen jende gehiegi, baina bai gaur egungo hitzaldietan arruntean ikus daitekeen kopurua baino gehiago: aurrez aurre nuen gizon bat, atzerritarra, euskaraz xarmanki mintzo zena, nahiz arratsalde hartan ere hitzek baimena eskatu behar zioten jarioan ateratzeko. Berdin ematen zituen euskalki bateko nahiz bertzeko adibideak, berdin idazle baten eta bertzearen aipamenak. Ezinezkoa iruditu zitzaidan. Orduko bazituen bertze lan batzuk argitaratuak, predikatuari buruz, edo mintzagai eta galdegaiaren arazoa hartzen zutela hizpide. 

Urteak geroago, tesia bukatu nuenean, Mitxelenak galdetu zidan nola ikusten nuen Rudolf de Rijk deitzea epaimahaira. “Arras ongi”, ihardetsi nion, baina “Hau beldurra!” pentsatu nuen nire baitan, nahiz holakorik ez nion erran, jakina. Mahaiaren bertze aldean bortz lagun ikusteak beti ematen baitu, beldurra ez bada, errespetua segurik. Eta horietako bat hitzaldi hartatik ezagutzen nuen Rudolf de Rijk baldin bazen, errespetuzko beldur hura areagotu egiten zen. Halakoa zen, non 1983ko udan neronek eraman bainion tesia bere etxera, Holandara. Harrera atsegina egin zidan eta jatetxe txinatar batera joan ginen bi senar-emazteak afaltzera, Amsterdamgo “barruti gorria” deitzen dioten gunearen erdi-erdian zegoen batera, hain zuen: “Hoberenetakoa da” argitu zidan. Paretetan baziren lerro batzuk txineraz idatziak, eta janaria eskatu ondoren, bera irakurtzen hasi zen, eta euskaratzen. Zerbitzaria etorri zenean, harekin ere txineraz hasi zen eleketan, eta nik harriturik galdetu nion ea txineraz ere bazekian. “Zerbait bai, baina zerbitzari honen hizkuntza eta pareta kantoi horretan dagoena ez da berdina, hau kantoneraz mintzo baita baina paretakoa mandarina baita, eta biak aski diferenteak dira elkarren artean”. Inolako expanturik gabe erran zidan hori, Amsterdamgo barruti gorrian holako bereizketak egiten ibiltzea munduko gauzarik naturalena izango balitz bezala. Ez, ez zuen aparteko buruko minik ingelesez, gaztelaniaz, frantsesez, euskaraz, hebraieraz edo alemanez mintzatzeko. Eta, behar izanez gero, txekieraz ere ez zen gaizki moldatzen. 

Tesiko mahaira hurbildu zenerako beldurra urrundua nuen pixka bat, eta anitzez ere lasaiago gelditu nintzen bezperan bere hoteleko gelan berarekin izan nuen elkarrizketarekin: tesi guztia zuen oharrez betea, orriz orri, eta hainbertze iradokizun zituen. Horiek guztiak eman zizkidan, “lana argitaratzen nuenerako kontuan hartu nahi banituen edo”. Ordea, biharamunean, ekitaldi publikoan, solasaldi luze bat egin zuen tesia ezin hobeki taxutua eta idatzia zela gaztigatzeko, eta ez zuen bere oharretatik bat bakarrik ere, onerako ez bazen, aipatu. 

Garai hartan Euskaltzaindiko Gramatika batzordea ere hasia zen lanean, eta lehenbiziko liburua lantzen ari ginen, Lafitte zela batzordeburu. Uste dut Rudolf de Rijk bera ere urte haietan hasi zela bueltaka idatzi nahi zuen euskal gramatika berri batekin. Euskara irakasten zion unibertsitatean ikasle talde bati, eta ez zuen gustuko materialik atzematen bere eskoletarako. Eta horrexegatik hasi zen gramatika horrekin bueltaka buruan. Lehenbiziko kapituluak ere eskribitu zituen, nederlanderaz. Gramatika lan hori, jakina, bertze lan batzuekin batera egiten zuen: euskal morfologia, erlatiboak idazle zaharren artean, tipologia, euskara eta gramatika unibertsala, leku izenak, tratamenduak euskaraz, zenbait adberbioren azterketa, Etxepareren bertsoak edo antipasiboak euskaraz, horietako batzuk aipatzeagatik. Lan mordo bat egin zuen gai horietaz, hizkuntza zenbaitetan argitaratuak direnak. Horrekin batera tesiren bat ere zuzendu zuen (X. Altzibarrena, lekuko) eta astia izan zuen OEH-ren eta EGLU-ren kritikak egiteko ere, eta zintzo etorri zen, ahal zuen bakoitzean, ikastaro baten ematera, hitzaldiren bat eskaintzera, edo euskaren inguruan eskatzen zitzaion guztia egitera. Horregatik erabaki zuen Euskaltzaindiak 1991n ohorezko euskaltzain izendatzea. De Rijk-ek eutsi baitzion, eutsi ere, bere herriko Van Eys eta Uhlenbeck hizkuntzalari eta euskaltzaleek, edo hain ezaguna ez den Nicolaas G. H. Deen jaunak, urteak lehenago markatutako bideari. 

Orain dela urte bat eta erdi, goiti-beheiti, deitu zidan larunbat goiz batean, ohi bezala: adberbio baten erabilera jakin nahi zuen nolakoa zen Baztanen. Solasaldi laburra izan zen, bertzeetan baino laburragoa. Amaieran “zer moduz zaude? Nola doazkizu gauzak? Nola duzu gramatika hori?” galdetu nion, eta berak “bizi naiz”, eta gramatika ere poliki-poliki, bazihoala, erantzun zidan. Hori, gramatika mantxo joatea erran nahi dut, ez zen kontu berria, bai bainekien R. de Rijk ez zela esku arinekoa eta paperean zerbait jarri aitzinetik ongi pentsatzen zuela nola jarri. Ordea, ez nuen espero handik egun batzuetara etxean eskuratu nuen gutuna: 

Adiskide on hori,

Hogei urte badira elkar ezagutu genuenetik, eta harrezkero adiskideak bihurtu garela iduritzen zait.

Halaz ere, arestian telefonoz “zer moduz” edo galdetu zenidanean, “bizi naiz” erantzun nizun, egia osoa esan gabe.

Barka, otoi. Alde batetik, berri txarra goizegi etortzen da beti, eta bestetik, nire adiskide eta ezagunek oro bateratsu jakin dezaten nahiago dut.

Horra bada: orano bizi naiz, bai, baina pankreako minbizi gaitz baten mendean; sendagileek bizpahiru hilabete besterik ematen ez dizkidatela.

Kimioterapian hasia naiz, baina honek ere ez omen dit bizia luzaturen.

Fededuna naiz eta honek asko laguntzen dit egun hauetan bakean egoteko.

Virginiarentzat, ordea, gertatzen ari zaidana zeinen latz eta garratz den aise ikusiko duzu.

Amaitu baino lehen, urteetan zehar zuregandik hartu dugun adiskidetasunarengatik eskerrak eman nahi nizkizuke. Beti pozgarria izan zaigu, bai Virginiari bai neri.

Agian geldituko zaigu elkarrekin telefonoz hitz egiteko parada.

Bihotz-bihotzez

Rudolf de Rijk-engandik

Eskuz idatzitako gutun horrek ez du datarik erakusten. Eta aski harrigarria da hori, kontuan izanik gauza hauetan zein arduratsua zen Rudolf. Segur aski ere, denborak galdua zuen erranahia berarentzat. Hori 2002ko iraila izanen zen, buruz ari naiz, oporren bueltan. Pentsatzekoa da nola gelditu nintzen. Holakoetan batek ez daki ongi zer egin behar duen, eta horretan pentsatzen egon ondoren ondoko goizean hartu nuen telefonoa. Berak erantzun zidan zuzenean. Joa aurkitu nuen, baina adore handiarekin aldi berean: “Uste dut gai izango naizela idazten ari naizen kapitulu hau bukatzeko. Ez dut uste urte berria ikusteko gauza izango naizenik, baina zurekin mintzatu nahi nuke gramatika kontu honetaz, zuek eman behar baitiozue amaiera”. Hori erran zidan. Handik bi egunetara hartu nuen hegazkina. 

Baina gai izan zen kapitulu hura eta bertze kapitulu pare bat gehiago ere egiteko. Eta 2003ko urte berria ikusi ahal izan zuen. 

Euskaltzaleen artean berehala zabaldu zen berria, eta hemengo jendea hasi zitzaion hara etxera joaten: asko estimatzen zuen hori, bere azken hilabeteetako eritasunaren goiti-beheiti handien artean. Bisita horietan aipatzekoa da Euskal Herriko Unibertsitateak, errektorea zela buru, egin ziona Honoris Causa gisa janzteko 2002ko azaroaren 29an. Gradu hori hilabeteak lehenago onartua zitzaion, baina, horretan, egin zen eritu. Etxean egindako ekitaldi xume haren ondoren denak joan ginen jatetxe batera: hura zen asteetan egiten zuen lehenbiziko irteera. Hori bai: ezbeharrak eskutik heldu dira elkarrekin, kateatuak bezala. Ekitaldiaren bezperan hilobiratua zuten bere arreba, hau ere bat-batean joana minbiziak usteketan jo ondoren. Berak ez zuen hitz erdirik erran honetaz ez ekitaldian, ez gero, bazkalorduan. Virginia bere andreak adierazi zidan: “Ez dizue ezer ere esan nahi”. 

Ondoko asteetan, pixkaka-pixkaka itzaltzen hasi zen: telefono deiekin segitu zuen, baina deiak bakandu ahala kraskatuz eta hautsiz joan zitzaion ahotsa ere. Azken aldera, gero eta zailago gertatzen zitzaion mintzatzea eta marrantak estaltzen zizkion hitzak, telefonoan gero eta urrunago entzuten nituen. Azkenean, utzi zuen telefonoa ere. Virginia zuela zaindari aldamenean, lanean segitu zuen, egunez egun gutxixeago, hori bai, baina azkeneraino indarrak galdu gabe. Euskal gramatika inoiz ere baztertu gabe, azken asteetan Virginiak ehunka orrialdeko eleberri bat irakurri zion ohe bazterrean. Gramatikaren goiti-beheitiak direla eta, berak honetaz ardura hartzeko eskatu baitzidan, orrialde bateko gutuna idatzi nion ekain hasieran, galdera zehatz batzuk eginez, eta argitasun batzuk eskatuz. Virginiak erran zidanez, bi egun behar izan zituen gutuna leitu eta ulertzeko, eta erantzunak berari eman zizkion niri helarazteko. 

Hola, 2003ko ekainaren 15ean hil zen, arratsaldeko hiruretan. Biharamunean egin zen ekitaldi txiki hartan, hil aitzinetik berak zuzenean ingurukoak agurtzeko hautatu zuen egitaraua bete zuten: “Maitia, non zira?”, 23. salmoa, hitz labur batzuk, “Adios, ene maitia” eta “Agur jaunak”. Hilkutxaren gainean bi arrosa: bat gorria; xuria bertzea. Bizi izan zen apaltasunarekin egin zitzaion orduan agurra. Eta Euskal Herrian egiten den bezala, edo egiten zen bezala, denak elkarrekin joan ziren bazkaltzera jatetxe batera. 

Newton izeneko karrikan bizi zen Rudolf de Rijk, eskailera zut hori duen etxe batean. Ondoko karriketan Arkimedes, Pitagoras, Laplace edo Galileo bezalako izenak irakur daitezke. Sinbolo ederra da hori, duda gabe. Handik joaten zen astero Amsterdamgo elkarte ofizialera xakean aritzera, bera baitzen Holandako xake jokalaririk onenetako bat, betiere elkarteko jokalari hautatuenen sailekoa. Etxean bazituen hainbertze liburu xakeari buruz, eta eskuz hartutako oharrak bere jokaldirik onenekin. Etxean utzi du kutxa batean “for fun”, hau da, “ongi pasatzeko”, egiten ari zen kantonerari buruzko hiztegi berri bat, milaka fitxetan bildua. Etxean utzi ditu, besteak beste, liburutegi handi bat eta hainbertze biblia, bera fededuna baitzen, eta erlijio kezka handia baitzuen. Horregatik zituen hainbertze biblia, hizkuntza diferenteetan idatziak, aldi berean balio baitzioten, Bonaparte berri baten antzera, hizkuntzen arteko konparazioak egiteko. 

Hizkuntzekin, bibliekin, xake jokoekin… hornitzen zuen bere arimaren bizia. Isil-isilik, gauza guztiak egiten zituen gisa, hilabetero bidaltzen zuen dirua Bangladesh-eko eritegi batera, “medical post” batera, eta horri esker zaintzen zituzten han eriak. Diru gutxi aski omen da duintasunez bizitzeko, ez da gehiago beharrik, hori da berak zioena. 

Baina gure artetik joan aitzinetik bere azken lan erraldoia, hemendik aitzinat euskalari ororen erreferentzia izango dena, utzi digu: euskal gramatika, alegia. Hasierako urteetan nederlanderaz idazten hasi baldin bazen ere, gero kapitulu guztiak aldatu, osatu eta bertze itxura batekin ingelesez berridatzi zituen. Lana akitu gabe baldin bada ere, zati handi-handi bat, ehuneko lauretan hogeia, egina zuen eta halala, deusik ere gaineratu gabe, argitaratuko da hurrengo hilabeteetan. Erran bezala, haste hartan, liburua ikasleak gogoan zituela hasi zen eskribitzen. Baina orain anitzez ere zabalagoa da, eta hizkuntzalari eta euskaltzaleek biziki eskertuko duten zerbait da. Hau izanen da, diodan gisan, hurrengo urteetan euskararen erreferentzia gramatika, batez ere euskara irakurtzeko gai ez direnendako. Hogeita hamabortz kapitulutatik 27 utzi ditu idatziak, orotarat mila orrialde inguru. Gelditzen diren kapituluetatik badira bertze hiru holandesez idatziak, eta geroak erranen du nola argitaratuko diren horiek. Gramatikaren gai nagusi gehienak hor daude, bada, modu zehatz eta argi batean aurkeztuak. Kapitulu bakoitzean gaia aurkezten da lehenik, adibide ugarirekin, denak euskal liburuetatik bilduak. Benetan harrigarria da hau, Rudolfek ez baitzuen ordenagailurik erabiltzen, zuzenean segurik: liburu horiek guztiak etxean zituen. Gainera, kapitulu bakoitzak azalpenetan ibilitako hiztegi labur bat ere biltzen du, eta ariketa batzuk proposatzen dizkio irakurleari. 

Gramatika horrek biribiltzen du Holandako gure adiskideak euskaldunoi eskaini digun lan aberats eta oparoa. Rudolfen euskal bidaia Donostian abiatu zen, hango monumentu hartan hizkuntza arrotz batean irarritako lerro batzuk ikusi zituenean. Bizitzan zehar, erdara ezezagun hura harremanetako euskara egin zuen. Munduari itzulia egin ondoren, hain gogoko zuen Urkiolako mendian hedatu zituen Virginia bere alargun maiteak haren errautsak 2003ko uztailaren 26an. Orduan erran nuen bezala: Utzi diguzun irudimenarekin, utzi dizkiguzun lanekin, beti hurbil izango zaitugu, euskaltzale eta euskaldun, euskaltzale eta euskaldunok. Goian bego. 

Pello Salaburu

(Donostian, Euskaltzaindiaren 2004-01-30eko osoko bilkuran irakurria.
Donostiako Diputazioan, bilkura irekia, Jose Juan Gonzalez de Txabarri
diputatu nagusia zela ekitaldiaren buru)

Azken oharra: Hitzaldi honetan aipatzen den gramatika 2008an argitaratu zen. Hau da erreferentzia osoa:
Rudolf de Rijk, 2008, Standard Basque: A Progressive Grammar, Cambridge, MA: MIT Press. (ISBN 978-0-262-04242-0)



[1] Ez ditut Rudolf De Rijken lan guztiak hemen aipatuko, ezta haien erreferentzia osoak eman ere. Xehetasunak nahi dituenak aski du ondoko lan hauek ikustea: Rudolf P. G. de Rijk De Lingua Vasconum: Selected Writings, Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilbo 1998, eta Artiagoitia X., Goenaga P. eta Lakarra J. (arg./eds) ‘Erramu Boneta’: Festschrift for Rudolf P. G. de Rijk, Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilbo 2002

Azken eguneratzea: 2012/05/15